2011-maiatza-8

Bestelakoak

Manifestazio jendetsua partizipazioaren alde

Atzo, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, abian jarri zen Bilbo Plazatik hogeita hamar eragilek deitu genuen manifestazioa. Manifestaldi jendetsu, baketsu eta koloretsua izan zen; izan ere, kolektibo bakoitzak bere kartel eta pankarta diferenteak zeramatzan.

Ibilbide osoan zehar gizarte eta auzo elkarteok Gasteizen sakoneko egitasmoetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu genuen, eta, zentzu horretan,  azken urte etanhilabeteetan udalak aurrera eramandako proiektu zein erabakietan parte hartzeari uko egin izana salatu egin genuen (Erredensifikazioa, BAI Center, Santiago Ospitalearen itxiera, Arriagako Intermodala…).

Halaber, herriaren hitza errespetatua izan dadin exijitu zen, eta adibide gisa, Abetxukon zein Arriagan burututako herri kontsulten garrantzia ere azaladu zen maniaren ibilbidean zehar. Geure kasuan Erredensifikazioaren afera helarazi genuen, eta, horretarako, Salburua Bizirik elkartearekin batera haren kontrako kartelak eskuan eramateaz gain, makiladun pankarta bat ere eroan genuen.

Manifestazioa AndraMari Zuriaren enparantzan amaitu zen, eta bertan eragile guztiok sinatutako manifestua irakurri zen amaitutzat emateko. Orain nori bere auzo eta gunean parte hartzeko geure eskubidea aldarrikatzen jarraitzea dagokigu. Hala egin dezagun, beraz, eta mila esker atzoko manian parte hartu zenuten guztioi!!

Erantzunak itxita daude.