2012-Feb-28

Enviado en Euskara, Formakuntza

FMko 34 lizentzia emateko oinarriak onartu dira

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2012ko otsailaren 28an egindako bileran, Euskal Autonomia Erkidegoan maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko lehiaketa publikoaren oinarriak onartu ditu. Guztira 34 lizentzia emango dira, eta horietatik 11 euskara hutsezko programazioa (3 Gasteizen) eskainiko duten emisorentzat izango dira.

Onartu diren oinarriek Euskal Autonomia Erkidegoan maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskainiko duten 34 lizentziak emateko lehiaketa publikoaren araubide juridikoa ezarriko dute. Deialdiko maiztasunak Euskal Autonomia Erkidegoan erabilgarri daudenak dira, hau da, 964/2006 Errege Dekretuak onarturiko Maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irratidifusio soinudunaren plan tekniko nazionalak emandako planifikazioak ezartzen dituenak. Honako hauek, alegia: 10 Gasteizen, 6 Bilbon, 5 Donostian, 4 Getxon, 3 Beasainen, 2 Legazpin, 2 Durangaldean, 1 Azkoitian eta beste 1 Gernikan. Hots, hamar Araban, hamahiru Bizkaian, eta hamaika Gipuzkoan.

Bestalde, 231/2011 Dekretuak xedatutakoari jarraikiz, 11 lizentzia gorde dira euskara hutsez emititzen dutenentzat (2 Bilbon, 1 Durangon, 1 Getxon, 1 Beasainen, 2 Donostian, 1 Legazpin, eta 3 Gasteizen. Ekimen horren bidez, euskarazko espazio berri bat sortu nahi da ikus-entzunezkoen munduan, euskara dakiten herritar gero eta gehiagori zerbitzu bat emateko eta hizkuntza bietako hedabide pribatuen presentzia bermatzeko Euskadiko eskualde guztietan.

Erreserba honi atxiki ahal izateko, ezinbestekoa izango da emisio-hizkuntza bakarra euskara izatea. Musikan espezializatutako emisoren kasuan, erreserba horri atxiki ahal izateko, bermatu beharko dute abestutako musikaren programazioan gutxienez %25 euskaraz interpretatutakoa dela. Ehuneko hori honako ordutegi honetan errespetatu beharko da beti: 07:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara.

Interesdunek 30 egun naturaleko epea izango dute beren eskaintzak aurkezteko, deialdia EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatuta.

Se ha cerrado los comentarios