2014-Abe-17

Bestelakoak, Kultura

Badatoz Olentzero eta Mari Domingi Zabalganara!

Ostiralean, abenduak 19, berriz ere Olentzero eta Mari Domingi Zabalganara etorriko dira. Beraz auzokide guztiok hitzordua dugu biei harrera egiteko, eta euren omenez ospatuko den jaialdiaz gozatzeko.

OLENTZERO KARTELA zabalgana Vitoria-Gasteiz 2014Olentzero eta Mari Domingi Batzordea osatzen dugun elkarteok gure esker ona eman nahi diegu aurten ere ekitaldi hau posible egin duten guztioi: antolaketa lanetan ibili den orori, ekitaldian parte hartu eta laguintzeko prest zaudetenoi, eta baita auzoko komertzio zein era batean edo bestean lagundu duen orori.

Olentzerok eta Mari Domingik ziurtatu digute auzora Zabalganako basotik iritsiko direla, horregatik arratsaldeko 18:00etan basoaren sarreran (Mariturriko Bulebarraren 26garren zenbakian) itxarongo diegu eta ondoren kalejiran joango gara auzoan zehar Zabalgana ikastetxeraino. Bertan jaialdia egingo dugu Mari Domingi eta Olentzerorekin batera, dantzak, kantak eta beste hainbat ekintza egongo direlarik beren etorrera ospatzeko. Besteak beste, Armentia, Mariturri eta Zabalganako eskoletako dozenaka haurrak dantzatuko zaizkie gure protagonistei.

Hotza egingo duela aurreikusten da eta Olentzerok eta Mari Domingik haurrak zaindu nahi dituztenez, jaialdiaren bukaeran txokolate beroa egongo dela iragartzea eskatu digute, Zabalgana ikastetxeko aterpean haurrek abestu eta Mari Domingi eta Olentzerorengana gerturatu eta txokolatezko muxu bat eman diezaieten.

Haurrek auzoko bi ikastetxeetan ikasten ari diren dantza eta abestiekin batera, Olentzerok eta Mari Domingik haur eta ez hain haur direnen eskutitzak jasoko dituzte. Eskutitz hauek ikastetxeetan, haur eskoletan eta auzoko komertzioetan topatu daitezke. Espero dugu jai honen ospakizunak haur guztien parte hartzea bermatu ahal izatea, eta horrekin batera ikazkinak bere zakuan auzoarentzako eta auzokideontzako gauza on piloa ekar dezala.

Gure aldetik, eguberri ona pasa dezazuen opa dizuegu, eta egun zoragarri honetaz gozatzera gonbidatzen zaituztegu. Eguberri on eta gora gure Olentzero eta Mari Domingi!!

Erantzunak itxita daude.