2015-Abu-31

Bestelakoak

Euskara ikastaroetarako eskaintza: Matrikulatzeko epea irailaren 2tik 13ra izango da.

Euskara, Kultura eta Kirol Arloko zinegotziak, Iñaki Prusillak, 2015-2016 ikasturterako euskara ikastaroetarako matrikulazio-kanpainaren aurkezpena egin du; berarekin batera izan dira Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatu Igone Martinez de Luna, eta Gurutze Sarasola, Gasteizko euskaltegietako ordezkaria. “Euskara zure frekuentzian” lelopean eratutako kanpainak guztira 86 ikastaro eskaintzen ditu, gurasoei, 55 urtetik gorako pertsonei, atzerritarrei, eta merkataritza eta ostalaritzako langileei zuzenduta.

Prestakuntza bloke nagusia gurasoei zuzenduta dago, 76 ikastaro guztira, 12 mailatan zatituta, eta ordutegiaren aldetik, goizez, arratsaldez eta gauez eskainita. 17 urtetik beherako umeen gurasoei eskainitako ikastaro irekiak familian komunikazioa errazteko eta eskolako ikasketa sendotzeko diseinatu dira. Gizarte etxeen sarean emango dira klaseak (horri gehituko zaio Sailburukoa), baita hainbat euskaltegi eta ikastetxetan.

Beste lau ikastaro 55 urtetik gora izan direnentzako. Urritik maiatzera arte emango dira Hegoalde eta Iparralde gizarte-etxeetan, bi oinarrizko mailetan eta goizeko ordutegian.

Beste bost ikastaro ere programatu dira atzerritarrentzat, beraien lehenengo urratsak euskaraz errazteko. Bai aurreko kasuan baita honetan ere, ikastaroaren amaieran prestakuntzan aurrera jarraitzeko aukera izango da, gurasoen programako itxarote zerrenden bitartez, baldin eta plaza librerik geratuz gero.

Azkenez, merkataritza eta ostalaritzako langileei zuzendutako ikastaroa ere eskaintzen da. Ikastaro horretan, bezeroarekin ahozko harremana edo establezimenduan idatzita dagoen informazioa euskaraz egitea bezalako kontuak landuko dira. Oinarrizko ikastaroa eginda, bigarren ikastaro bat egiteko aukera izango da, izen-emate nahikoa izaten bada.

Euskara ikasteko udalaren diru-laguntzak

Ikastaroen eskaintzari gehitzen zaio laguntza ekonomikoen hainbat modalitate euskara ikastaroren bat egin nahi duten pertsona guztientzat, bai gizarte etxean baita euskaltegian ere. Lau diru-laguntza mota ezberdintzen dira:

Diru-laguntzak herritarrentzat oro har: horientzat ezin izango da gainditu deialdian markatutako diru-sarreren muga.

  • 2015ean 7 urte betetzen dituzten umeen gurasoentzako diru-laguntzak.
  • Aisialdi begiraleentzako eta kirol entrenatzaileentzako diru-laguntzak.
  • Merkataritzako, ostalaritzako edo zerbitzuetako alorreko langileentzako diru-laguntzak.

Diru-laguntzak kobratuko dira ikastaroa egin eta gainditu ondoren, hau da, 2015-2016 ekitaldi horretarako diru-laguntzak 2016an kobratuko dira.

Ikastaroen eta diru-laguntzen inguruko informazio gehiago nahi dutenek jar daitezela harremanetan Gasteizko Udaleko Euskara zerbitzuarekin (945161522 – 945161693) edo honako web gunea kontsultatu www.vitoria-gasteiz.org/euskera

 

Erantzunak itxita daude.