2016-Mar-13

Enviado en Bestelakoak

UDALBIZI egitasmoa: euskal udalerrien bitalitatea neurtzeko sistema

Gaindegiak UDALBIZI egitasmoa jarri du abian eta dagoeneko egitasmoaren lehen osagaia frogatzen ari da: udalerrien bitalitate sozio-ekonomikoa neurtzeko sistema orokor bat. Hurrengo urratsetan udalerri tipologia desberdinetarako baliagarri izango diren neurgailu egokituak garatuko ditu, eta segidan, arlo zehatzetako diagnostikoan sakontzeko neurgailu bereziak garatzeari ekingo dio.

Aipatu egitasmoak tokiko erradiografia sozio-ekonomikoa arin eta bizkor egiteko aukera emateaz gain, euskal espazioan konparagarri gisara balio behar luke. Zentzu horretan, udalerri bakoitzari bere burua hobeto ezagutzen laguntzeaz gain, Euskal Herriko lurralde garapenean eragin ahal izateko ikuspegia eskaini beharko luke. Hala, UDALBIZIren neurgailu orokorrak 99 adierazle ditu oinarrian eta 27 multzotan sailkatzen du informazioa, emaitza guztiak azkenean 7 atal nagusitan sintetizatzeko: biztanleria, gizarte kohesioa, lan merkatua, jarduera ekonomikoa, hiri antolamendua, azpiegiturak eta mugikortasuna, eta udal ekonomia.

Eredu orokor baten bila

 

Euskal Herria lurralde maila desberdinetan artikulatzen da, bai administratiboki, bai funtzionalki. Lurralde maila bakoitzaren dinamika sozio-ekonomiko eta instituzionalak goragoko zein beheragoko prozesuetan eragiten du, bai herritarren ongizatean, bai lurralde eremu horren etorkizuneko bilakaeran.

Euskal Herria hedadurari dagokionez lurralde eremu txikia izan arren, garapen jasangarrirako unitate bat izateko dimentsioak ditu. Halaber, askotariko lurraldea du, bai ikuspegi fisikotik bai ikuspegi sozio-ekonomikotik. Udalerrien arteko harreman sistema, beraz, garrantzitsua da lurralde oreka gordetzeko.

Lurralde eremu bakoitzak, ordea, baditu emanak datozen ezaugarriak eta norberak garatu beharrekoak. Eskualde eta udalerrietan kokapen fisikoak edo historiak dakarrenaz gain, bere egunerokoan gertatzen diren prozesuek, bere gaitasun sozialek edo goragoko instituzioek hartzen dituzten erabakiek eragiten dute. Euskal kasuan hiriburuez gain eskualde buruak ere baditugu eta hauen inguruan udalerri txikiago eta handiagoak. Baditugu metropolizazioan murgildutako udalerriak zein periferian daudenak, erresidentzialak zein aktibitate sozio-ekonomiko handikoak  eta abar. Askotariko tipología.

Udalerrietan eragiten ari diren prozesuak asko eta askotarikoak dira. Eta prozesu guztiek, aldez edo moldez, udalerriaren bizitasunean eragiten dute, izan indartzeko izan ahultzeko. 80 hamarkadan aipagai izan genituen industriaren gainbeherak zigortutako herrien kasuistika, ondoren urbanizazio prozesu azkarrek nahiz zahartze prozesuek jotako udalerriak aipatu izan ditugu. Lapurdiko kostaldea eta Pirinioetako herriak izan litezke esandakoaren adibide.

Baina udalerri guztiek ez dute berdin jokatzen eta ez dira berdin bilakatzen. Euskal kasuari gagozkiolarik, udalerrien bitalitatea neurtzeko baliagarri gerta litekeen eredu orokor bat behar genuke, udalerriak modu berean neurtu eta konparagarri egingo dituena. Era berean, neurgailu horrek etorkizunari begira egiturakoak diren auzien ebaluazioan lagundu behar luke, prediktiboa izatera hel dadin.

Euskal udalerrien sailkapenak

 

2025, zahartze tasa: 2025ean zahartze tasarik handieneneko udalerriak bi eratakoak izango dira, mendialde edo periferikoak eta errenta maila handienekoak. Lehenek galera demografiko larria biziko dute eta bigarrenek ez.

Etxebizitzaren erabilera intentsitatea: Etxebizitza ugari eraiki da aurreko hamarkadetan. Honek hainbat udalerriri biztanleria gordetzeko aukera eman dio, beste batzuk, berriz, ohikoa baino gehiago hazi dira eta ez dira gutxi biztanleria galdu dutenak. Udalerri industrialek dute erabileran dentsitaterik handiena eta erresidentzialek apalena. Pentsatzekoa da, etorkizunean lehen multzo horretan egongo dela beharrik handiena.

Goi-titulazioa duten herritarren proportzioa: Formazioak berebiziko lotura du errenta mailarekin, baina baita udalerriko dinamismo sozio-ekonomikoarekin. Metropolizazio prozesuen eraginez, hiriburu handien inguruko udalerri erresidentzialetan metatzen dira goi-titulatuen proportzio handienak.

Industriaren maila  teknologikoa: Industria, aberastasun eragile izateaz gain, jarduera ekonomiko askoren sustatzaile gertatzen da. Maila teknologiko handienetan dago biharko industriaren giharra eta hau, lurraldean hiriburuen inguruko eskualdeetan eta garraiobide nagusien inguruan kokatzen da.

Udal administrazioaren zorpetzea: Zenbat eta udalerri txikiagoa zorpetze handiagoa, udal politika proaktiboan diharduten udalerri txikienak daude politika publikoen arretatik urrunen eta ondorioz egin behar izaten dute inbertsio gehien.

Se ha cerrado los comentarios