2018-Eka-6

Auzo mugimendua, Euskara, Formakuntza, Hemeroteka, Hezkuntza, Kultura, Nabarmendutakoak, Partehartzea

Alkateek Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz ekimenaren alde

Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñeko alkateek Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz ekimenaren aldeko beren hiriburuen atxikimendua agertu dute eta, era berean, haien apustua nabarmendu dute hiriburuak protagonista izan daitezen euskararen erabilera sustatzeko bidean. Donostiako Miramar Jauregian izandako ekitaldi batean, Juan Mari Aburtok, Eneko Goiak, Gorka Urtaranek eta Joseba Asironek azpimarratu dute Euskaraldia lagungarria izango dela hiriburuek erabilera sustatzeko eta hiztunak aktibatzeko egiten duten lana irmotzeko. “Hiriburuek, euskararen lurraldeetako hirigune nagusiek, gune eroso eta abegikorrak izan behar dute euskararen erabilera bultzatzeko bidean. Euskaraldia ekimena oso lagungarria izango da norabide horretan”, adierazi dute.

Euskaraldia abian jartzeko bost hilabete baino zertxobait gehiago falta denean, alkateek azpimarratu nahi izan dute hiriburuen garrantzia euskara sustatzeko bide horretan, “daukaten garrantziagatik eta lurralde osoan duten eraginagatik”. Haiekin batera izan dira gaurko aurkezpenean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea. Ekitaldia Arrate Illarok, Euskaraldiko koordinatzaileak, gidatu du, eta ingurune handien Euskaraldiaren aldeko apustua txalotu du.

“Euskararen erabileran urratsak eman nahi baditugu ezinbestekoa da hiriak praktika berrietarako eremu eroso bilakatzea. Izan ere, Euskal Herriko populazio gehiena hirietan bizi da edo hirietara mugitzen da. Hortaz, eguneroko ohiko harremanak zein harreman berriak hirietan gertatzen dira. Gaur esan dezakegu 10.000 biztanletik gorako udalerri guztiek egingo dutela bat Euskaraldiarekin, horietan guztietan daude Euskaraldia antolatzeko lan-taldeak”, adierazi du Illarok.

Bilakaera Gasteizen

Gorka Urtaranek azaldu du Gasteizek lan egiten duela “herritar bakoitza Arabako hiriburuan bere hizkuntzan bizi ahal izateko; Udalak hizkuntzaren erabilera eremu pertsonalean, sozialean eta ofizialean sustatzen du”. Alkateak Gasteizen euskarak izan duen bilakaera ere azpimarratu du. 1981ean euskaldunen ehunekoa hirian % 3koa zen, eta ‘ia euskaldunena’ (hiztun pasiboak) % 11koa. Eustaten azken datuen arabera, 2016an ehuneko horiek % 27ra eta % 20ra igo ziren, hurrenez hurren. Denbora-tarte horretan euskaldunak eta ‘ia-euskaldunak’ 26.000tik 110.000ra igo dira. Aipatu duenez, “Gasteizen erronka, une hauetan, kalean erabiltzea da”. Kaleko azken neurketen arabera, elkarrizketen % 3,7tan erabiltzen da euskara. Gainera, bilakaera etengabea da; izan ere, 1993an datu hori 2,5ekoa zen.

350 udal, momentuz

Bestalde, Arrate Illarok adierazi du momentu honetan 350 udalerrik egin dutela bat Euskaraldiarekin. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñearekin batera, Euskaraldian izango dira Iparraldeko hiriburuak ere: Baiona, Donibane Garazi eta Maule. Orobat, Euskal Herri osoko 10.000 biztanletik gorako udalerri guztietan Euskaraldia antolatzeko lan-taldeak daude.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da abian Euskaraldia Euskal Herri osoko ehunka udalerritan. Ekimen honen helburua da hizkuntza ohituretan eragitea euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa bultzatzeko. Funtsean, Euskaraldiaren xedea da 11 egunez euskara era aktiboagoan erabiltzea ariketa horrek 12. egunetik aurrera eragina izan dezan. Proiektuaren oinarrian azken urteotan hainbat herritan izandako aktibazio esperientzia arrakastatsuak daude.
Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñeko alkateek bat egin dute Euskaraldiarekin eta beren apustua azpimarratu dute hiriburuak gune erosoak izan daitezen euskararen erabilera sustatzeko bidean”

Erantzunak itxita daude.