Bestelakoak - OtrosEuskara

“Gasteiztarrak arraun the world” erakusketa Zabalganan

Gasteiztarrak arraun the world izenpean udan egindako lehiaketan saritutako argazki-sorten egileek aurkezpenak eskainiko dituzte azaroko astearte guztietan baita abenduko lehenengoan ere hiriko auzo desberdinetan. Gurera Jokin Zurutuzak Ekuadorreko Andeetako bizipenak hurbilduko dizkigu “Ekuadorrek bizitza maite du” izenpeko kontakizunarekin. Herrialde anitza da Ekuador, anitzak baitira bere jendeak, kulturak, hizkuntzak, paisaiak, klimak, flora eta fauna. Aurkezpena Urbeltz tabernan (Ozeano Barea 9, Borinbizkarran) izango da arratsaldeko 19:00etan. Aurkezpena Zabalganako Euskara Batzordearekin elkarlanean antolatu da.

Testuinguru honetan, Oihaneder Euskararen Etxeko ur-biltegira bideko arrapalan saritutako argazki erakusketa dago ikusgai abenduaren 17ra bitartean. Portugal, Brasil, Laos, Kanbodia, Tailandia eta Ekuadorreko irudiak.


Aurkezpenen egutegia:

  • Azaroak 24, 20:00: “Haurren herriak” (Laos-Kanbodia). Hordago taberna(Fray Facarías Martinez 2, alde zaharra) *Lazarraga Kultur Elkartearekin elkarlanean.
  • Abenduak 1, 20:30: “Etxalde baten okupazioaren argazki-kronika” (Brasil). Zurrupa taberna (Angulema 12, erdigunea) *Gasteizko Mintzalagunarekin elkarlanean.

Guztira 18 lan aurkeztu dira lehiaketara, 450 argazki inguru. Gasteizko euskalgintzako elkarte desberdinetako kideek (GEU elkartea, Gasteizko mintzalaguna, Sarburu Kultur Elkartea, Lazarraga Kultur Elkartea eta Zabalganako Euskara Batzordea) eta Arte eta Lanbide Eskolako argazkilaritza irakasle batek osatu dute epaimahaia.