Bestelakoak - OtrosEuskara

Udalak 80 euskara ikastaro baino gehiago eskainiko ditu, baita Zabalganan ere.

Euskara zinegotzi Alfredo Iturrichak Udalak 2014-2015 ikasturterako antolatu dituen euskara ikastaroen matrikulazio-kanpaina aurkeztu zuen atzo goizean; hauxe izango da aurtengo lema: “Euskara, zure frekuentzian”. Aurkezpenean Euskara foru diputatu Iciar Lamarainek eta udal ikastaroetako hiru ikaslek hartu zuten parte; azken horiek beren esperientzia azaldu eta herritarrak izena ematera animatu zituzten.

Urtero bezala, ikastaro gehienak gurasoentzat dira-Zabalganan eskainitakoak, esaterako-, euskara hobeto erabiliz gero seme-alabei ikasketetan laguntzerik izan dezaten: hala ere, ikastaro mota ezberdinak ere eskainiko dira:

– Gurasoentzako ikastaroak, seme-alabei ikasketetan laguntzerik izan dezaten. Udalak 70 ikastaro eskaintzen ditu, 1. mailatik 12. mailaraino. ZABALGANAN: astelehen, astearte eta ostiraletan, 14:45etik 16:15era, Zabalgana ikastetxean (2. urratsa).

– 55 urtetik gorako aiton-amonentzako ikastaroak. Oinarrizko maila eskaintzen zaie, urritik maiatzera arte.

– Atzerritarrentzako ikastaroak, haiek ere euskara ikasteko aukera izan dezaten.

– Hasierako mailako ikastaroak merkataritza eta ostalaritzako langileentzat, lanerako gaitasuna hobetu dezaten.

Ikastaro guztietan izena emateko epea irailaren 2tik 14ra artekoa da, gizarte etxeetan.

Prezio abantailatsuak eta udalaren diru-laguntzak euskara ikasteko

Iaz bezala, Udalak eskaintzen dituen euskara ikastaroek oso prezio abantailatsuak dituzte edonorentzat. Hileko kuota 13,20 euro da, baina lehenengo aldiz matrikulatzen direnei edo aurreko ikasturtean eskolen % 80ra joan direla egiaztatzen dutenei deskontua egingo zaie, eta 10,10 euro ordainduko dute. Aiton-amonentzako ikastaroetan, hileko kuota 6,10 euro da.

Gainera, Udalak diru-laguntza mota ezberdinak ditu gizarte etxeetan zein euskaltegietan ikasten dutenentzat:

  • Herritar ororentzako diru-laguntzak, urteko diru-sarreren arabera.
  • 8 urtetik beherako seme-alabak dituzten gurasoentzako diru-laguntzak.
  • Aisialdi begiraleentzako eta kirol entrenatzaileentzako diru-laguntzak.
  • Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alorreko langileentzako diru-laguntzak, Arabako Merkataritza Ganberarekiko lankidetzan.

Iaz, ikasle zenbateko onak

Iazko ikastaroetako zenbatekoak oso onak izan ziren: 55 talde eta 820 ikasle, honela banatuta:

– Gurasoak: 48 talde eta 678 pertsona (541 emakume eta 137 gizon).

– Aiton-amonak: 4 talde eta 62 pertsona (31 emakume eta 31 gizon).

– AISA: 2 talde eta 67 pertsona (43 emakume eta 24 gizon).

– Merkataritza eta ostalaritzako langileak: talde bat eta 13 pertsona (9 emakume eta 4 gizon).